Testua irakurri

ARTZAINARI LAPURTZERA JOAN

ARTZAINARI LAPURTZERA JOAN

Munduan anitz diren bezala, baziren gose handia zuten bi lapur. Egun osoa zeramaten jan gabe, eta pentsatu zuten artzain bati lapurtuko ziotela bildots bat. Ilunabarra iritsi zenean, artzain baten etxola aldera joan ziren.

Artzainak etxolaren ondoan zituen ardiak, eta etxolan afaltzen ari zen lasai ederrean sutondoan. Hori ikusita, lapurrek plana prestatu zuten:

– Beno, ni joanen nauk eta entretenituko diat pixka bat, eta hik aski duk orduan, tak!, lapurtzea bildots bat. Horrela gero janen diagu.

– Ados!

Lapurretako bat artzainarengana joan zen eta harekin solasean hasi zen:

– Gabon.

– Baita zuri ere.

Solas eta solas, han zegoen kanpoko aldean beste lapurra adi, leihotik begira. Barruan sua zegoen eta ardiak han ziren. Lapurra hasi zen arrimatzen eta kantari esan zion besteari:

– Zikiro beltza ona da baina,
hobea buztan zuria13.

Izan ere, lagunari jakinarazi nahi zion buztan zuria hobea zela. Buztan zuriarengana hurbildu, hartzen hasi eta sua pixka bat piztu zen, eta orduan berriz kantatu zion:

– Estal hadi, estal hadi,
ageri haiz erdia.
Su honek argitzen baldin badu,
ageriko haiz guztia.

Lagunari hori entzunda, gorde egin zen eta horrela lortu zuten artzaina engaina-
tzea eta bildotsa lapurtzea.

(Almandoz. Moldatua)
_____
13- Axuri beltzaren doinuarekin.

SANSON ETA ERROLAN

SANSON ETA ERROLAN

Sanson eta Errolan indar handiko bi gizon erraldoi ziren. Egun batean apustu bat jokatzea pentsatu zuten:

– Pilota apustu bat egin behar dugu, laxoan.

– Ongi da, ni jarriko naiz Iruñeko Gaztelu plazan -erantzun zion Sansonek.

– Eta ni non jarriko naiz?

– Zu Elizondoko plazan.

Apustuaren eguna iritsi zen eta, gainera, eguraldi ederra zuten. Sanson Iruñeko Gaztelu plazan zegoen eta Errolan Elizondokoan.

– Beno, beno, nik hemendik sakatuko dut pilota -Sansonek.

Sakatu omen zuen, jo eta Gaztelu plazaraino bota. Han Errolanek jo eta berriz Elizondora. Sanson partida irabazteko irrikaz zegoen. Horregatik, zuen indar guztiarekin bota nahi zuen pilota gorantz. Heldu omen zen, heldu omen zen, eta atzeraka, atzeraka, atzeraka… hainbesteko indarrez eman nahi zionez pilotari, behi kaka mukuru batean irristatu eta pilota mugaz bestaldera bidali zuen, eta berak lurrean bukatu zuen.

(Oiz. Moldatua)

ERRALDOIA

ERRALDOIA

Bera inguruan erraldoi bat bizi zen. Erraldoi horrek bertako fabrikako presan Bidasoko ura edaten omen zuen, hanka bat Larrun mendiaren gainean eta bestea Labeagan paratuta.

Beratarrekin haserretzen zenean, ura hartzen omen zuen, eta denbora ederra zelarik brrrra! botatzen omen zuen dena. Ondorioz, belarrak eta nekazarien lan guztiak bustitzen eta hondatzen zituen.

(Bera. Moldatua)

ANIMALIEK ETA BELARRAK SOLAS EGIN

ANIMALIEK ETA BELARRAK SOLAS EGIN

Esaten dute aspaldi-aspaldian animaliek eta belarrak solas egiten zutela, baina go-
roldioak ez. Goroldioa zen solas egiten ez zuen bakarra.

Aziendak mendira jatera joaten zirelarik, belarrak esaten zien, behatzarekin goroldioa seinalatuz:

“Ez ni jan, ez. Hori jan ezazu, hori jan ezazu, hobea da eta”.

Halako batean, goroldioa beti isilik eta lurrean zapaldua egoteaz aspertu eta bururatu zitzaion haritz gainera igo eta handik oihu egitea:

“Ni naiz nor nire buru”.

Orduz geroztik, guztiek goroldioa errespetatu zuten.

(Bera. Moldatua)

TARTARO

TARTARO

Bazen behin Tartaro izeneko gizon zakar bat. Hain zakarra zen, auzo guztia izutzen baitzen harekin. Auzo horretan ba omen zegoen harkaitz tarte batean putzu handi bat, eta auzo guztia han bainatzen omen zen. Tartarok ere hagitz gogoko zuen putzu hura. Beraz, denei alde eginarazi eta beretzat bakarrik hartu zuen. Ordutik han bizi zen, zoriontsu bere putzuan. Halako batean, xori negarrarekin9 eraztun bat egin zuen eta, paratu zuenean, eraztunak izugarrizko boterea eman zion. Egun batean bururatu zitzaion bainatzera joatea. Ur bazterrean zela, eraztuna kendu eta harriaren gainean utzi zuen, baina bera uretan sartu bezain laster, eraztuna ondotik joan zitzaion putzu zulora, eta Tartarok ezin izan zuen harrapatu. Boterea galtzen eta ikaragarri moteltzen hasi zen; bera ere ohartzen zen moteltzen ari zela. Bitartean putzu barrutik oihu egiten zion eraztunak: “Hor nago, hemen nago, hor nago, hemen nago”. Hala ere, ezin zuen harrapatu inondik ere. Eginahalak eginda ere, ezin zuen inondik harrapatu. Tartarok bilatzeari utzi bezain laster, eraztunak esaten zion: “Hor nago, hemen nago, hor nago, hemen nago”. Baina ezin harrapatu. Azkenean, ongi aspertu zenean eta guztiz ahuldurik, etxera abiatu, erori eta hil egin zen. Gero, hegazti beltz handi bat etorri, hura hartu eta airez aire eraman zuen goibel beltz batean sartu arte. Hantxe gelditua da Tartaro. (Bera. Moldatua) _____ 9- Melokotoiek eta muxikek jariatzen duten substantziari deitzen zaio.