BI LAGUN ETA HARTZA

Baziren behin bi lagun; oso lagunak ziren arren, urte mordo batez ez zuten elkar ikusi, baina egun batean hartzak zeuden mendi batean elkarrekin topo egin zuten.

– Zer diok, aspaldiko?

Ikaragarrizko besarkadak eman zizkioten elkarri. Halako batean, bat korrika hasi eta zuhaitz baten gainera igo zen. Besteak, harriturik, laguna erotuta ote zegoen pentsatu zuen. Atzera begiratu zuenean, hartza hurbil zuela ikusi zuen. Orduan bere burua lurrera bota eta hilarena egin zuen, noizbait aditu baitzuen hartzek ez dutela hilik dagoen ezer jaten. Hartza hurbildu zitzaion eta usaintzen ibili zen; bitartean mutilak arnastu baino ez zuen egiten. Hori ikusita, hartzak buelta eman eta alde egin zuen.

Orduan laguna zuhaitzetik jaitsi eta:

– Zer moduz, aspaldiko? -berriz galdetu zion-. Aizak, aizak, hartzak hiri zerbait ere esan dik!

Hartza belarriaren inguruan usaintzen ibili baitzen, besteak uste zuen hartza solasean aritu zitzaiola belarri ondoan zerbait esanez.

– Hiri hartzak zerbait ere esan dik! Zer esan dik?

– Bai, begira, bi solas egin zizkidak.

– Zer solas dituk horiek? -galdetu zion besteak.

Eta honelaxe erantzun zion:

– Arriskuan hagoenean, alde egin ezak arriskuan uzten hauten lagunengandik.

(Lesaka. Moldatua)