Administrazioa

ARDIAK UDABERRIAN

ARDIAK UDABERRIAN

Adinekoek esaten dute animaliek beti jakiten dutela zer eguraldi egin behar duen; elurra, beroa, hotza… Ardiak, adibidez, normalean udaberritik aurrera mendian gora joaten dira.

Esaten da Ama Birjin martxotan, askotan eguraldi ederra egiten duenez, behin ardi gazteak esan omen ziola ardi zaharrari:

– Gaur Ama Birjin martxoko, nik hemendik aurrera nire bizia mendi gainean aterako.

Eta ardi zaharrak erantzun omen zion:

– San Marko kazkabarra eta elur, nik mendi gainera joateari diot beldur.
Bakoitzak berea egin zuen eta ardi zaharra San Marko pasatu eta gero mendira joan zenean, ardi gaztea harrapatu omen zuen hotzak eta goseak hila.

Horregatik apirilean esaera zahar hau erabiltzen da:

“Apirila biribila, zerria urdandegian hotzak eta goseak hila”.

(Urroz. Moldatua)

ARTZAINARI LAPURTZERA JOAN

ARTZAINARI LAPURTZERA JOAN

Munduan anitz diren bezala, baziren gose handia zuten bi lapur. Egun osoa zeramaten jan gabe, eta pentsatu zuten artzain bati lapurtuko ziotela bildots bat. Ilunabarra iritsi zenean, artzain baten etxola aldera joan ziren.

Artzainak etxolaren ondoan zituen ardiak, eta etxolan afaltzen ari zen lasai ederrean sutondoan. Hori ikusita, lapurrek plana prestatu zuten:

– Beno, ni joanen nauk eta entretenituko diat pixka bat, eta hik aski duk orduan, tak!, lapurtzea bildots bat. Horrela gero janen diagu.

– Ados!

Lapurretako bat artzainarengana joan zen eta harekin solasean hasi zen:

– Gabon.

– Baita zuri ere.

Solas eta solas, han zegoen kanpoko aldean beste lapurra adi, leihotik begira. Barruan sua zegoen eta ardiak han ziren. Lapurra hasi zen arrimatzen eta kantari esan zion besteari:

– Zikiro beltza ona da baina,
hobea buztan zuria13.

Izan ere, lagunari jakinarazi nahi zion buztan zuria hobea zela. Buztan zuriarengana hurbildu, hartzen hasi eta sua pixka bat piztu zen, eta orduan berriz kantatu zion:

– Estal hadi, estal hadi,
ageri haiz erdia.
Su honek argitzen baldin badu,
ageriko haiz guztia.

Lagunari hori entzunda, gorde egin zen eta horrela lortu zuten artzaina engaina-
tzea eta bildotsa lapurtzea.

(Almandoz. Moldatua)
_____
13- Axuri beltzaren doinuarekin.

SANSON ETA ERROLAN

SANSON ETA ERROLAN

Sanson eta Errolan indar handiko bi gizon erraldoi ziren. Egun batean apustu bat jokatzea pentsatu zuten:

– Pilota apustu bat egin behar dugu, laxoan.

– Ongi da, ni jarriko naiz Iruñeko Gaztelu plazan -erantzun zion Sansonek.

– Eta ni non jarriko naiz?

– Zu Elizondoko plazan.

Apustuaren eguna iritsi zen eta, gainera, eguraldi ederra zuten. Sanson Iruñeko Gaztelu plazan zegoen eta Errolan Elizondokoan.

– Beno, beno, nik hemendik sakatuko dut pilota -Sansonek.

Sakatu omen zuen, jo eta Gaztelu plazaraino bota. Han Errolanek jo eta berriz Elizondora. Sanson partida irabazteko irrikaz zegoen. Horregatik, zuen indar guztiarekin bota nahi zuen pilota gorantz. Heldu omen zen, heldu omen zen, eta atzeraka, atzeraka, atzeraka… hainbesteko indarrez eman nahi zionez pilotari, behi kaka mukuru batean irristatu eta pilota mugaz bestaldera bidali zuen, eta berak lurrean bukatu zuen.

(Oiz. Moldatua)

ASTO ZAHARRA MUKIZU

ASTO ZAHARRA MUKIZU

Bazen etxe batean asto zahar-zahar bat, erdi goseak bizi zena. Lokarri handi batekin lotua egoten zen eta, halako batean, bururatu zitzaion hura moztu eta joan behar zuela larrera asetzera, beti goseak baitzegoen. Bere hortz handiekin moztu zuen lokarri hura, eta joan egin zen. Larrean jan eta jan ari zen, eta ohartu zen gaineko aldean ermita koxkor bat bazela. Hara joan eta bertan belar berdea harrapatu zuen. Ona! Han zegoen, ase, eguzkitan mandaloan. Halako batean, otsoa etorri zitzaion. Otsoak pentsatu zuen: “Ooooi! Demontreko bazkaria dut gaur!”. Eta elkarrizketan hasi ziren, kantari: – Agur, agur, astoko10! – Ongi etorri, otsoko! – Gaurko nire afari, zure buru ta belarri! “Ooooi! Hemen zer pasatu behar ote du?”-pentsatu zuen astoak urduri. Eta orduan astoak erantzun zion otsoari: – Han goitian artalde, artzainik ez dute batere. Baldin joaten bazineke11, zikiro parea zenduke. Orduan otsoak pentsatu zuen: “Ooooi! Hau malizia handiarekin ari da”. Eta astoari esan zion: – Oinean daukat arantze, ezin frinkatu12 bezalaxe. Izan ere, otsoak ez zuen joan nahi hara gora ardi bila. Astoa gero eta larriago zegoen ez zekielako nola alde egin, eta orduan esan zion: – Han beheitian ermita, meza entzun behar dut eta. Otsoak gutxien espero zuenean, astoak, katakun-katakun!, alde egin eta ermitan sartzea lortu zuen; hango atea itxi eta barrenean gelditu zen. Otsoak, hori ikusita, karraskaka, ez zekien zer egin, astoa jateko aukera galdu baitzuen; orduan hau kantatu zion: – Asto zaharra, mukizu, sobera malizi dakizu, berriz erreka aldean harrapatzen bazaitut, meza entzuteko lanik izanen ez duzu! (Bera. Moldatua) _____ 10- Otsoa eta astoaren arteko elkarrizketak kantatuak dira. 11- Forma zuzena bazina da, baina errima kontuengatik jaso bezala utzi dugu. 12- Hanka lurrean jarri.

ERRALDOIA

ERRALDOIA

Bera inguruan erraldoi bat bizi zen. Erraldoi horrek bertako fabrikako presan Bidasoko ura edaten omen zuen, hanka bat Larrun mendiaren gainean eta bestea Labeagan paratuta.

Beratarrekin haserretzen zenean, ura hartzen omen zuen, eta denbora ederra zelarik brrrra! botatzen omen zuen dena. Ondorioz, belarrak eta nekazarien lan guztiak bustitzen eta hondatzen zituen.

(Bera. Moldatua)

ANIMALIEK ETA BELARRAK SOLAS EGIN

ANIMALIEK ETA BELARRAK SOLAS EGIN

Esaten dute aspaldi-aspaldian animaliek eta belarrak solas egiten zutela, baina go-
roldioak ez. Goroldioa zen solas egiten ez zuen bakarra.

Aziendak mendira jatera joaten zirelarik, belarrak esaten zien, behatzarekin goroldioa seinalatuz:

“Ez ni jan, ez. Hori jan ezazu, hori jan ezazu, hobea da eta”.

Halako batean, goroldioa beti isilik eta lurrean zapaldua egoteaz aspertu eta bururatu zitzaion haritz gainera igo eta handik oihu egitea:

“Ni naiz nor nire buru”.

Orduz geroztik, guztiek goroldioa errespetatu zuten.

(Bera. Moldatua)