SANSON ETA ERROLAN

Sanson eta Errolan indar handiko bi gizon erraldoi ziren. Egun batean apustu bat jokatzea pentsatu zuten:

– Pilota apustu bat egin behar dugu, laxoan.

– Ongi da, ni jarriko naiz Iruñeko Gaztelu plazan -erantzun zion Sansonek.

– Eta ni non jarriko naiz?

– Zu Elizondoko plazan.

Apustuaren eguna iritsi zen eta, gainera, eguraldi ederra zuten. Sanson Iruñeko Gaztelu plazan zegoen eta Errolan Elizondokoan.

– Beno, beno, nik hemendik sakatuko dut pilota -Sansonek.

Sakatu omen zuen, jo eta Gaztelu plazaraino bota. Han Errolanek jo eta berriz Elizondora. Sanson partida irabazteko irrikaz zegoen. Horregatik, zuen indar guztiarekin bota nahi zuen pilota gorantz. Heldu omen zen, heldu omen zen, eta atzeraka, atzeraka, atzeraka… hainbesteko indarrez eman nahi zionez pilotari, behi kaka mukuru batean irristatu eta pilota mugaz bestaldera bidali zuen, eta berak lurrean bukatu zuen.

(Oiz. Moldatua)