Bazen behin bere amarekin bizi zen mutiko koxkor bat. Egun batean, egurra falta zutenez etxea berotzeko, amak esan zion:
– Patxiku, bukatu zaigu egurra eta joan beharko duzu egur eske. Ekarri zama bat otatxa14.
Joan zen, egin zuen bere zamaxka eta, lana bukatu zuenez, bururatu zitzaion jolasean ari behar zuela. Hasi zen harriak botatzen maldan behera eta, ohartu gabe, ilundu zitzaion. Iluntasun hartan, kezkatzen hasi zen: “Orain nik nola joan behar dut etxera?”. Ezin zuenez bidea harrapatu, hasi zen ilargiari oihu egiten:
– Argi ezak, ilargia! Argi ezak, ilargia!
Eta ilargiak ez zion kasurik egiten. Orduan, berriz:
– Argi ezak, ilargia!
Hiru aldiz deitu zion, eta azkenekoan esan zion:
– Kaka ilargia!
Eta ilargia etorri, Patxiku hartu, eta bere otatxa zamarekin eraman zuen. Hantxe bizi da orduz geroztik.
Ilargi betea dagoenean, ilargiari begiratzen badiozue, ikusiko duzue hor dagoela Patxiku bere otatxa zamarekin.
(Bera. Moldatua)
_____
14- Ote errea.