OTSOA, HARTZA, BASURDEA ETA ARTZAINA

Mendi batean artzain bat bizi zen bere etxolan. Egun batean otsoa, hartza eta basurdea agertu zitzaizkion eta otsoak esan zion artzainari:

– Guk hil eta jan behar zaitugu!

Gizona, ikaraturik, hilko zutela susmatzen hasi zen, eta pentsatzeko denbora behar zuenez, zera esan zien:

– Utziko didazue lehendabizi pixka bat jaten?

– Bai, bai, jan ezazu nahi duzun guztia.

Orduan artzainak etxolan zuen txingarra hartu eta sutan erretzen jarri zuen. Bere punttuan zegoenean, otsoari eman zion txingar xafla bat probatzeko.

– Tori, jan ezazu.

Otsoak hartu eta rau! irentsi zuen.

– Ongi ona da!

Gero, eman zion hartzari eta berak ere:

– Aski ona dago, bai!

Ondoren, basurdeari ere eman zion:

– Zein ona den! -basurdeak.

Orduan otsoak galdetu zuen:

– Baina zer da hau? Gauza goxo hau?

Eta artzainak erantzun:

– Hau basurdekia da.

– Orduan, basurdea hil eta jan behar dugu!
Basurdea hil eta jan behar dugu! -otsoak.

Haien laguna izan arren, hiruren artean hartu eta hil zuten basurdea. Otsoak segituan jan nahi zuen basurdea, baina artzainak esan zion ezin zela horrela jan, lehenbizi larrutu behar zela. Beraz, artzainak basurdea hartu eta larrutu zuen. Ordurako otsoa urduritzen hasi zen, goseak amorratzen baitzegoen:

– Orain jan behar dugu! Orain jan behar dugu!

Eta artzainak erantzun zion:

– Hau ez da horrela jaten, jateko lehenbizi erre behar da.

– Ongi da, erreko dugu orduan… -otsoak.

– Arazo bat dago, ez dut egurrik etxolan -artzainak.

– Ekarriko dugu gain horretatik, oihana hortxe dago eta.

Hirurak joan omen ziren eta artzaina hasi zen alimaleko pagondoa aizkoraz mozten. Otsoa, goseak akabatzen eta urduri zegoenez, esan zuen:

– Joan behar dugu!

Orduan artzainak azaldu zion enborra ezin zela bere horretan eraman, arraildu behar zela. Horretan ari zela, alde egiteko modua ikusi zuen

– Nola eraman behar dugu? -galdetu zuten otsoak eta hartzak.

Orduan erantzun zien artzainak:

– Sartu besoak hondoraino eta horrela erraz eramanen dugu.

Besoak hondoraino sartu zituztenean, artzainak aizkora atera eta arraila estutu egin zen. Hasten omen dira arramaka biak eta, artzaina aizkora eta gainerakoak hartu eta etxolara abiatu zen, otsoa eta hartza bertan utzita.

Etxolara iritsi zenean, apaindutako basurdea hartu eta bere etxera abiatu zen.

Handik zortzi egunen buruan, hantxe hil omen ziren otsoa eta hartza.

Bitartean artzainak basurdea jan zuen.

(Erratzu. Moldatua)