Bazen behin azeri bat. Negua zenez, bere zuloan sartua zegoen, kanpoan dena elurtuta baitzegoen. Elurra mara-mara ari zuen eta, halako batean, azeriari iruditu zitzaion elur malutak lumak zirela.
– Oooo! Zer dira luma horiek? Milaka eta milaka heldu dira! Zer ote dira luma horiek? -azeriak harrituta.
Putre bat inguruan zebilen eta, oihuak aditzean, azeriarengana hurbildu zen zulo ondora.
– Oooo! Zer dira luma horiek, ez dut egundaino ikusi horrelakorik! Milaka eta milaka!
Orduan putreak erantzun zion:
– Bada, hor goian ari dira ahateak, oiloak, oilaskoak… lumatzen. Langile pila bat ari dira gelditu gabe. Horiek lumak dira, bai, bai!
Azeriaren poza! Azeriak hegazti horiek jateko biziki maite baitzituen.
– Hara joaten bazara, harrapatuko duzu nahi adina oilasko eta ahate, nahi duzun guztia!
Eta azeriak:
– Joan behar dut hara gora! Nola joanen naiz?
Orduan putreak esan zion:
– Igo zaitez nire gainera, eta har ezazu buztana ausikian17!
Azeria, pozez zoratzen oiloak eta oilaskoak lumatzen ari ziren ideiarekin, igo zen putrearen gainera, hartu zuen ausikian eta orduan putrea hegan hasi zen, gora, gora, gora. Une hartan azeria beldurtzen hasi zen.
– Oooo! Non daude oiloak eta oilaskoak?
– Lasai, gorago daude! -erantzun zion putreak-. Gorago daude, gorago!
Azeria hasi zen kezkatzen, azeriak abilak baitira.
– Hain gora? -kezkatuta-. Non daude, bada, horiek?
Eta, halako batean:
– Ooo! Nik behar dut behera erori, behera joan behar dut, lehengo lekura… Baina, nola joanen naiz behera?
Eta putreak esan zion:
– Askatu buztana!
Buztana askatu zuelarik, azeria “iiiiu!” behera joan zen. Behera zihoala, alimaleko18 harriak ikusi zituen eta oihuka hasi zen:
– Leku, leku, leku!
Gero eta hurbilago ikusten zituenez, ozenago oihukatzen zien:
– Leku zaitezte!
Lurrera iritsi zenean, azeria seko gelditu zen.
(Erratzu. Moldatua)
_____
17- Hozka eginez.
18- Ikaragarri handiak.