Bazen etxe batean asto zahar-zahar bat, erdi goseak bizi zena. Lokarri handi batekin lotua egoten zen eta, halako batean, bururatu zitzaion hura moztu eta joan behar zuela larrera asetzera, beti goseak baitzegoen.
Bere hortz handiekin moztu zuen lokarri hura, eta joan egin zen. Larrean jan eta jan ari zen, eta ohartu zen gaineko aldean ermita koxkor bat bazela.
Hara joan eta bertan belar berdea harrapatu zuen. Ona! Han zegoen, ase, eguzkitan mandaloan. Halako batean, otsoa etorri zitzaion.
Otsoak pentsatu zuen: “Ooooi! Demontreko bazkaria dut gaur!”. Eta elkarrizketan hasi ziren, kantari:
– Agur, agur, astoko
10!
– Ongi etorri, otsoko!
– Gaurko nire afari,
zure buru ta belarri!
“Ooooi! Hemen zer pasatu behar ote du?”-pentsatu zuen astoak urduri.
Eta orduan astoak erantzun zion otsoari:
– Han goitian artalde,
artzainik ez dute batere.
Baldin joaten bazineke
11,
zikiro parea zenduke.
Orduan otsoak pentsatu zuen: “Ooooi! Hau malizia handiarekin ari da”. Eta astoari esan zion:
– Oinean daukat arantze,
ezin frinkatu
12 bezalaxe.
Izan ere, otsoak ez zuen joan nahi hara gora ardi bila. Astoa gero eta larriago zegoen ez zekielako nola alde egin, eta orduan esan zion:
– Han beheitian ermita,
meza entzun behar dut eta.
Otsoak gutxien espero zuenean, astoak, katakun-katakun!, alde egin eta ermitan sartzea lortu zuen; hango atea itxi eta barrenean gelditu zen. Otsoak, hori ikusita, karraskaka, ez zekien zer egin, astoa jateko aukera galdu baitzuen; orduan hau kantatu zion:
– Asto zaharra, mukizu,
sobera malizi dakizu,
berriz erreka aldean
harrapatzen bazaitut,
meza entzuteko lanik
izanen ez duzu!
(Bera. Moldatua)
_____
10- Otsoa eta astoaren arteko elkarrizketak kantatuak dira.
11- Forma zuzena bazina da, baina errima kontuengatik jaso bezala utzi dugu.
12- Hanka lurrean jarri.