Munduan anitz diren bezala, baziren gose handia zuten bi lapur. Egun osoa zeramaten jan gabe, eta pentsatu zuten artzain bati lapurtuko ziotela bildots bat. Ilunabarra iritsi zenean, artzain baten etxola aldera joan ziren.
Artzainak etxolaren ondoan zituen ardiak, eta etxolan afaltzen ari zen lasai ederrean sutondoan. Hori ikusita, lapurrek plana prestatu zuten:
– Beno, ni joanen nauk eta entretenituko diat pixka bat, eta hik aski duk orduan, tak!, lapurtzea bildots bat. Horrela gero janen diagu.
– Ados!
Lapurretako bat artzainarengana joan zen eta harekin solasean hasi zen:
– Gabon.
– Baita zuri ere.
Solas eta solas, han zegoen kanpoko aldean beste lapurra adi, leihotik begira. Barruan sua zegoen eta ardiak han ziren. Lapurra hasi zen arrimatzen eta kantari esan zion besteari:
– Zikiro beltza ona da baina,
hobea buztan zuria13.
Izan ere, lagunari jakinarazi nahi zion buztan zuria hobea zela. Buztan zuriarengana hurbildu, hartzen hasi eta sua pixka bat piztu zen, eta orduan berriz kantatu zion:
– Estal hadi, estal hadi,
ageri haiz erdia.
Su honek argitzen baldin badu,
ageriko haiz guztia.
Lagunari hori entzunda, gorde egin zen eta horrela lortu zuten artzaina engaina-
tzea eta bildotsa lapurtzea.
(Almandoz. Moldatua)
_____
13- Axuri beltzaren doinuarekin.